Erabateko eragina izan dute XX. mendean Espainian izandako aldaketa politikoek M.C.E.P.ren historian.
Bigarren Ereepublika garaian «Institución Libre de Enseñanza» izeneko erakundeak herriaren eta herriarentzako eskola aldarrikatu zuen, eta Lleidako (Katalunia) maisu-maistra talde batek Celestin Freinet Frantzian egiten ari zen jardueren berri izan zuen. Talde hau noizbehinka biltzen hasi zen eta «BATEC» izena hartu zuen (katalanez bihotz-taupada). Talde horixe da gure mugimenduaren muina.
Taldera gero eta irakasle gehiago inguratu zen eta zenbait probintziatan indar handia hartu zuen. Izen handiko irkasleak izan ziren mugimendu honetako kide eta, gerora ere, beren pedagogia zabaltzen ibili ziren han eta hemen.
Espainiako Gerre Zibilak (1936-39) hondoratu zuen mugimendua. Irakasle gehienak gerrara joan ziren, beste batzuk epaituak izan ziren eta beste hainbatek erbestera jo behar izan zuen arriskutsua zelako Francok gobernatzen zuen Espainian jarraitzea.
Urte askoan zehar eskola faxista nagusitu zen Espainian, erregimenaren agindu eta araudipean.
Hirurogeiko hamarkadaren erdialdera (1965-66) maisu-maistra talde bat ezkutuan elkartzen hasi zen. Bazituzten harremanak ICEM-eko (INSTITUIT COOPERATIF DE L’ECOLE MODERNE)) irakasleekin, eta zegoen zentsura egonda, modu legalean funtzionatu ahal izateko, elkarte bat sortzea erabaki zuten. Hala, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran (A.C.I.E.S.) ASOCIACION PARA LA CORRESPONDENCIA E IMPRENTA ESCOLAR izeneko elkartea sortu zuten, modu estalian, kamuflatuan, Freinet pedagogiaren printzipioen gainean lan egiteko.
Elkarte hau hazten eta zabaltzen joan zen, Frantzia eta Italiako kongresuetan hartzen zuen parte, ezkutuan, eta Espainiako bilerak gero eta garrantzitsuagoak bihurtu ziren, eta zenbait eskolatan pedagogia berriarekin hasi ziren lanean.
1977an Granadan antolatu zen kongresua. Bertan 700 maisu-maistrek hartu zuten parte, espainiarrak eta kanpokoak, eta batzarrak pausu bat aurrera ematea erabaki zuen. Franco hila zen ordurako eta demokraziaren hastapenean geunden. A.C.I.E.S. Elkarteak M.C.E.P. izena hartu zuen (MOVIMIENTO COOPERATIVO DE ESCUELA POPULAR).
Gero eta maisu-maistra gehiago hurbiltzen zen eta esperintzia asko egiten ziren. COLABORACION aldizkaria zen pedagogia berriaren zabaltze lana egiten zuena. Beste herrialde batzuetako kongresuetan parte hartzen hasi zirn eta nazioarteko topaketetara joaten.
GAUR EGUN
Mugimendu Kooperatiboa Estatu espainiarrean zabalduta dauden mugimenduen konfederazioa da. Mugimendu hauek bat datoz, zenbaitetan, banaketa administratiboekin eta, beste batzuetan, berriz, elkarrekin lanean ari diren irakasle taldeak dira, talde autonomo gisa lan egitea erabaki dutenak.
Hainbat tailer daude: 0-8, 8-12…, Bakerako tailerra, Matematika tailerra, Gorputzaren tailera, Aniztasunarena, Hizkuntzarena, etab. Tailer hauek modu egonkorrean funtzionatzen dute eta barne-buletinen bidez eta urteko kongresua erabiliz koordinatzen dira. Zenbait tailerretakoak ikasturte erdi aldera ere elkartzen dira. Beste batzuek argitalpen berezituak egiten dituzte elkartekide guztiei helarazten dizkietenak.
Barne zabalpenerako, AL VUELO izeneko argitalpena eta tailerretako buletinak ditugu.
Koordinaziorako idazkaritza bat dugu, bi urtetik behin aldatzen dena. Era honetara, antolaketa burokratiko batean amiltzeko arriskua saihesteaz gain, talde guztien parte hartzea ziurtatzen dugu.
Urteko kongresua antolatzen dugu uztailaren hasieran, batzarra delarik erabakigunea. Bertara , Eskola Modernoko beste mugimenduren bateko kide bat edo gehiago gonbidatzen ditugu. Udazkenean, berriz, estatuaren ipar parteko topaketak antolatzen ditugu, eremu horretako mugimenduak elkartzeko; eta otsailean, Andaluziako Mugimenduak urteko bilera egiten du.
Martxoan koordinazio bilera bat egiten dugu eta bertara etortzen dira idazkaritzako kideak eta talde eta tailer guztietako ordezkariak.
MCEP-k aurrekotuaren %3 herrialde txiroren bateko proiektu pedagogikoren bat laguntzeko ematen du. Bestalde, SAHARAko hainbat esperientzia pedagogiko laguntzen du eta harreman bereziak ditu Hego Ameriketako mugimenduekin eta CAMEM-ekin.
Mugimenduak bere gorabehera eta krisialdiak izan dituen arren, eta kide kopurua gutxitu den arren, oreka eta heldutasun unea bizi du. Oso positiboki baloratzen ditugu bai bere lanetan eta topaketetan erakutsitako maila eta bai kideen arteko harreman pertsonalak ere. Benetan kezkatzen gaitu, hala ere, irakasle gazte ezak, behar-beharrezkoak baitira gure ideiak landu eta garatzen jarraitzeko, berrikuntzak bideratzeko eta, egunen batean, gure borrokagai den eta benetan desio dugun eskola lortzeko.